Real Sociedad Fundazioaren Eguna hemen dugu aurten ere, eta berritasun garrantzitsu bat dakar, gainera. Zubietako instalazioak berritzeko lanak direla eta, igande honetan, ekainaren 18an, festa Anoeta estadioan izango da lehen aldiz. Ekitaldia 8. atetik miniestadiorainoko tartean kokatuko da.
Real Sociedad Fundazioaren Eguna igande goizeko 10.00etan hasiko da, eta ez du etenik izango 18.00ak aldera amaitu arte. Talde txuri-urdinaren Fundazioak denboraldia amaitzean urtero antola-tzen duen jardunaldi berezi horren ardatz nagusiak kirola, dibertsioa eta elkartasuna izango dira aurten.
Goizaldean futbol partidak jokatuko dira Anoetako zelaian: talde infantilak, 10.00etatik aurrera; kirol egokitua, 11.00etatik aurrera; Walking Football, 12.30ean; eta Realeko Genuine taldea, 13.30etik aurrera. Zelaira sartzeko, estadioko 10. eta 11. ateak zabalik egongo dira.
Beste hamaika gauza izango dira, noski. Eguna sorpresaz eta jolasez beteta egongo da. “11.00etan hasita, puzgarriek haurren irribarreak piztuko dituzte, eta 12.30ean hasita, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin gozatzeko aukera izango dute haurrek zein helduek. 16.00etan etorriko da Ene Kantak musika taldearen txanda, inguratzen garen guztion gorputzak alaitasunez eta kemenez zipriztintzeko”, azaldu dute Realeko arduradunek.
Egun eder horretako dibertsioa ez da soilik une horietara mugatuko, egun osoan zehar kirol tradizionalak praktikatzeko, sormen tailerretan eta hainbat jolasetan parte hartzeko aukera ere egongo baita. Gainera, “Reale Arenako denda ofiziala zabalik izango da 11.00etatik 18.00etara, eta bertan eskuragarri izango duzu 2023-24 denboraldiko ekipamendu ofizial berria, ohiko merchandising-az gain”, jakinarazi dute klubeko ordezkariak.
“Topaketa entretenigarri eta berezia izango da, eta itsura batean, denbora gelditu egingo da, guztiok algararik garbienean eta egiazkoenean murgiltzeko”, azaldu dute. Realak ahalegin berezia egiten du beti zale txikienentzat eta gazteentzat jarduerak antola- tzen, baina ez ditu guraso eta helduak ere ahazten, guztiek jardunaldi txuri-urdinaz gozatzeko parada izan dezaten.
Elkartasuna
Aurten, Kutxa Fundazioaren eta Arantzazulaben eskutik, eta Hitzetik Ekintza ekimenaren baitan, “Gipuzkoan kalteberatasun egoeran dauden pertsonentzat ahalik eta elikagai gehien batzen saiatuko gara. Anoeta estadioko 13. atearen inguruan jarriko da jaki horiek biltzeko karpa, eta honako hauxe da gehien behar ditugun elikagaien zerrenda: esnea, gailetak, binbo ogia, marmelada, pasta, arroza, lekale lehorrak edo potean, zukuak, opilak, tomate-saltsa, olioa, irina, azukrea, kafe disolbagarria, arrautzak, atuna eta espeziak. Elikagaiak ekartzen dituztenek txartel bat jasoko dute, Ene Kantak taldearen emanaldia amaitu ondoren egingo den zozketarako. Sarien artean, besteak beste, jokalariek sinatutako kamiseta bat eskuratu ahal izango duzu”, adierazi dute talde txuri-urdineko bozeramaileek.