“Harritzekoa da hain gaztea izanda zifra horretara iristea”

22 urte besterik ez dituen arren, Realean muga handiak apurtzen ari da Elene Lete. Aurreko igandean talde txuri-urdinak Zubietan Sevillaren aurka jokatu zuen partida (0-0) izan zuen Zumarragako atezainak 100.a lehen taldearekin, orain urte batzuk imajinatu ere egingo ez zukeena. “Harritzekoa da zenbaki horretara iristea, are gehiago atezain postuan izaten dugun txandakatzearekin, batzuetan jokatu eta beste batzuetan ez. Hain gaztea izanda muga honetara iristea… apartekoa da”, adierazi zuen futbolari gipuzkoarrak.

Azken denboraldietan postu horretan izen handiko atezainak izan arren, gogor heldu dio Letek atezain nagusi postuari, eta izugarri eskertu du Realak bere egungo egoerara iristeko emandako aukera. “Hasi nintzenean, normala zen urduri egotea. Baina aukera eman zidaten, irabazi egin genuen eta Lehen Mailan jokatzeko poza sekulakoa izan zen”, aipatu zuen. 2021eko maiatzaren 30ean egin zuen debuta Zubietan, Santa Teresaren aurka, eta Reala nagusitu zen, nahiz eta gol bat jaso.

Zamora saria

Elene Letek une gogoangarriak bizi izan ditu Realarekin, tartean hainbat final, eta, jokatu ez arren (orduan hirugarren atezaina zen), Granadan ere izan zen talde txuri-urdinak Kopako titulua eskuratu zuenean. Gainera, 2021-22 denboraldian Zamora Trofeoa eskuratu zuen, Ligan gol gutxien jaso zituen atezaina izan zelako. “Eskerrak talde guztiari, saria beraiengatik irabazi nuelako”, esan du hura gogoratuz.

Bere lorpenak

Oraindik oso gaztea den arren, dagoeneko luzea den bere ibilbide luzeko une bat aukeratzekotan, “lehen taldearekin debuta egin nuenekoa oso garran-tzitsua izan zen” dio harrobiko jokalariak. “Txikitatik lana gogotik egin dut helburu horrekin, eta hara non nagoen orain, dagoeneko ehun partida jokatuta. Championsa jokatzea ere galanta izan zen, talde handi horiek aurrez aurre izatea…”.

“Asko daukat hobetzeko”

Nolanahi ere, atezain gipuzkoarraren esanetan, “asko daukat hobetzeko. Lehen aipatutako guztia atzean eduki arren, gehiago nahi dut. Hori argi daukat”. Eta hirugarren amaitzeko erronka begiz jota dauka: “Champions Leaguen sartzen ahaleginduko gara”.

Realeko zaleentzako mezua

Amaitzeko, zale txuri-urdinentzat ere esker oneko hitzak izan zituen: “Zaleak hor izaten ditugu beti, baita eguraldi petralena egiten duenean ere, galdu nahiz irabazi”. Aipamen horrek argi uzten du Letek jada Realeko aldagelan zer nolako itzala duen.

source

Noticias destacadas