Igor Zubeldiak igande honetan esan zuenez, Mallorcaren aurkako partida hitzordu “historikoa” izango da, eta Reala “hortzak ondo estututa” zelairatuko dela aurreratu zuen. “Egun historiko baten atarian gaude. Jakin badakigu Kopa irabaztea zer den, baina aurreko hartan gure zaleak falta izan genituen La Cartujan eta arantza hori barru-barruan geratu zaigu. Beste final bat jokatzeko aukera eskura dugu eta ea lortzen dugun”, adierazi zuen azkoitiarrak.

Ostiralean Vila-realen aurka atseden hartu ondoren jokatzeko prest dagoela esan zuen atzelari txuri-urdinak. “Aurreko astean sudurrean kolpea hartu nuenean, trenkada lekuz kanpo nuela esan zidaten. Bi aste barru berriro aztertuko didate. Ea zein den eboluzioa, baina ni erabat prest nago, inolako beldurrik eta zalantzarik gabe jokatzeko”, argitu zuen.

Itzulerako norgehiagokari dagokionez, azken partiden antzeko panorama iragarri zuen, ñabardura batzuk aipatuz. “Azkenaldian aurkari izan dugun ohiko Mallorca espero dut. Guk geurea egin beharko dugu, beraien tranpan erori gabe, hil ala biziko partida dela ondo kontuan izanik. Bien artetik bakarra pasako da, eta horrelakoetan Ligakoak ez bestelako partidak ikusten dira. Beraien planteamendua? Ostiralean bertan ikusi genuen Anoetan, normalean joko ausartagoa proposatu ohi duen Vila-realen aurka, nola atera ziren atzean eustera. Ez da erraza izaten horrela jokatzen duten taldeei eskua sartzea, baina gogotik saiatuko gara”.

Oso giro berezia espero du Zubeldiak. “Estadiora iritsi eta harrera bero hori ikustea, izugarri motibatzailea izaten da. Hortzak ondo estututa irtengo gara, aurrez esan dudan bezala, aukera paregabea dugulako gure zaleekin final bat bizitzeko”, esan zuen Zubeldiak, gainerako taldekideek bezala, azken porrota jada ahaztuta duela azpimarratuz. «Partida bat galdutakoan beti pasatzen dituzu ordu batzuk burumakur, haserre, baina buelta eman diogu. Mallorcaren aurkako partida jokatzeko amorratzen dago aldagela «.

Amaitzeko, Realaren gol faltari buruz galdetu zioten atzelari txuri-urdinari. «Talde bat gara, eta erasoa ere guztion kontua da. Ez zait iruditzen inori errua botatzeko garaia denik. Erasoan eta defentsan denok jarduten dugu; gainera, esango nuke kontrako atean nahikoa aukera sortzen ari garela. Aukerarik sortuko ez bagenu kezkatuta egongo nintzateke, baina izan ditugula iruditzen zait «.

source

About The Author

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *