Igor Zubeldia Realeko atzelariak prentsaurrekoa eskaini du ostegun honetan. Imanol Alguacilek Zubietan zuzendu duen entrenamenduaren ostean, jokalari azkoitiarrak kapitain lanak egin ditu (plantillako jokalari eredugarrienetakoa da), behin Ligako lau jardunaldi pasa ostean aldagelako sentsazioak hitzez azaltzeko. Beste horrenbeste partidatan lau puntuko balantzea ez da guztiz positiboa, baina Zubeldiak argi utzi nahi izan du bai berak eta baita bere taldekideek ere hurrengo partidetan hobera egingo dutela.
Azkoitiarra bere egoera fisiko pertsonaletik hasi da. «Ez nago nahiko nukeen puntuan. Denboraldi-aurrean arazoak izan ditut, aurrena giharretakoak eta gero lunbalgia bat. Ea txapelketarik gabeko aste honekin eta partida arteko hamabost egunotan lana behar bezala eginda, nire gogoko forma punttura hurbiltzeko gauza izaten naizen”. «Latza da, zelaira irten eta zure % 100etik urrun zaudela ikustea; lasai nago, ordea, bai baitakit entrenamenduen bidez hobera egingo dudala», gaineratu du atzelari txuri-urdinak.
Denboraldiak aurrera joan ahala, aldagelan duen rola aldatuz joan da pixkanaka. «Eta gustura hartzen dut. Urteen poderioz erreleboak gertatzen dira taldean, eta norberari dagokio rol hori hartzea. Eta benetan gustura hartzen dut. Lehen taldera iritsi nintzenean oso gaztea nintzen eta orduan nik jasso nuen bertan zeudenen laguntza. Aldagelan zein zelaian lasaitasunez eta naturaltasunez hartzen ditut aldaketa horiek «.
Kolektiboa
Taldearen egoera ere, Liga hasiera eskas baten ondoren, mahai gainean jarri dute. «Oso plantilla ona daukagu. Argi dago gauza asko hobetu ditzakegula. Baina, aitzakiarik bilatu gabe, esango nuke oraindik ez ditugula hamar entrenamendu egin denok batera, internazionalak geroago etorri zirelako eta fitxaketa batzuk merkatuaren amaieran. Ez gaude nahi genukeen puntuan, baina lasaitasunez lan eginda, ziur iritsiko gara sasoi egokira «.
Realaren etorkizuneko zalantza guztiak argitu ditu atzelari txuri-urdinak. «Ez dakit zalantzarik ba ote dagoen, baina taldearen barruan ez behintzat. Lasai gaude, jakinda, pieza guztiak behar bezala uztartzen ditugunean, taldeak gorantz egingo duela eta azken urteetako Reala ikusiko dela «.
Agerraldian izen propioak ere izan dira hizpide, eta Robin Le Normand aipatu behar, noski. «Partida asko jokatu ditut berarekin. Baita Aritzekin, Pachecorekin… Horretan ere ez dago aitzakiarik. Orain gaudenak gaude hemen, eta egunero gabiltza lanean zelaian hobetzeko asmoz», adierazi du Zubeldiak; gainera, Le Normand taldean ez dagoelarik, zelaian banakako lehiak irabaztearen garrantzia azpimarratu du. «Imanolek taldea entrenatzen duenetik behin eta berriz azpimarratzen du arlo hori, partida asko erabakitzen direlako duelu horietan. Horretan eta beste gauza askotan hobetu beharrean gaude «.
Azkoitiarrari Jon Martini buruz galdetu diote, Imanolek oraindik berde samar ikusten omen duelako. “Ez dakit misterrak zer esan duen… Jon oso gaztea da oraindik, baina etorkizun oparoa du aurrean. Gure babes osoa du eta oso ondo entrenatzen ari da. Jokatu duenetan maila ona erakutsi du. Oraingoz bere karrera hasi besterik ez da egin, eta, gainera, oso mutil langilea da «.
Amaieran, defentsaren erdigunean laguntzako ekarri berri duten Nayef Aguerdi buruz ere galdera egin diote Zubeldiari. «Izenez ezaguna zitzaidan, banekien nor zen, baina ez nuen jokatzen askorik ikusi, eta hemen ere oraingoz apenas egon gara elkarrekin… Argi dago, bere profilarekin, esperientziarekin eta Marokoko selekzioarekin egin duenarekin, ekarpen handia egin diezagukeela. Beste zentral bat etortzea, gainera, mesederako da, beti piztuko duelako gure artean konpetentzia-plusa «.