Madrilen aurka “itxura ona emanda” agurtu nahi dute denboraldia

0

Donostia – Realak Real Madrilen aurka agurtuko du denboraldia gaur arratsaldean Zubietan (19.00etan). Talde txuri-urdina zazpigarren postuan dago eta ez dago bere esku seigarren izatea; hala eta guztiz ere, Natalia Arroyo entrenatzaile txuri-urdinak argi utzi nahi izan du ez dela garran-tzirik gabeko partida izango: “Joka-tzen dugun bakoitzean beti dago zerbait demostratzeko; ahalik eta partidarik onena jokatzeko aukera dugu, irabazi eta etxean ahalik eta emaitzarik onenarekin agurtzeko aukera. Gainera, ez da erronka makala bigarren sailkatua aurrean izatea; ez gara haiek menperatzeko gauza izan, ez denboraldiaurrean ezta lehen itzulian ere (4-1)”. Bere esanetan, Real Madril izan da “aurten ondoen jokatu duen aurkarietako bat, eta ez dugu haiekin lehia-tzen jakin”; horretaz aparte, “zaleen aurrean etxean ahalik eta ondoen agurtzea” ere pizgarri polita omen da.

Entrenatzaile kataluniarraren ustez, partida “zaila izango da, erasoko jokoan maila ikaragarria” dutelako. “Partida irekia izango dela iruditzen zait. Eurek eroso jokatzea ekidin behar dugu nola hala”.

Arroyok aipatu zuenez, “aurtengo urtea ixteko gogoz sumatzen dut taldea. Ea Real Madrilen aurka ondo jokatu eta Valdebebaseko sentsazio txar horiek uxatzen ditugun; garaipena lortuta are eta hobeto”. Partida horrekin “itxiko da behin betiko Iraia Iparragirreren gure arteko etapa”, eta Maddi Torrek ere agur esan baino ordu batzuk lehenago, kapitainaren martxa “ez dela bakarra izango” esan zuen.

Denboraldiaren balorazioa

Partida bakarraren faltan, Arroyok denboraldiaren balorazioa ere egin zuen, eta garbi esan zuen “aurtengo nota ez da bikainera guk nahi adina hurbildu”. “Txapeldunen Ligako postuetatik gertuago ez ibili izanaz” damu zela aipatu zuen entrenatzaileak, eta denboraldiak “erdi mailako nota” merezi duela onartu zuen. “Askoz gehiago egin behar dela erakutsi digu aurtengoak. Beste urrats bat eman behar dugu bikainetik eta maila gorenetik hurbilago egotekotan. Denboraldi hau oso gorabeheratsua izan da”. Kataluniarraren esanetan, merezitako nota “ez da hamarrekoa izango, baina joan den denboraldian ere ez genion hamarrekorik jarri”. Arroyok argi esan zuen urtea “ez dela txarra izan, final batera iritsi garelako, Europan jokatu dugulako, nahiz eta kanporaketa bakarra izan, eta lau lehiaketa jokatu ditugulako. Asko ikasteko eta hazteko aukera eman digun denboraldia izan da; askotan kinka larrian egon gara, eta aurpegia ematen jakin izan dugu”.

Hain zuzen ere, otsailean Madrilen aurka galdu ondoren jabetu omen zen taldea “ez ginela nahi genuen maila horretan lehiatzeko moduan izango; baina lehiatzen jarraitzea ezinbestekoa zela ulertu zuen taldeak eta, emaitzak emaitza, horixe egin dugu”.

“Ahal izan duguna baina gorago ibiltzea zen gure asmoa. Puntu gehiegi joan zaizkigu” aitortu zuen Arroyok. Hala eta guztiz ere, “urte ona izan da klubarentzat. Beste final bat jokatu dugu, eta astean bi partida jokatu beharreko estutasun horretan murgilduta ibiltzeko gauza izan gara. Onartu egin behar, urrutira iristeko helburua genuela, eta zenbait alorretan motz geratu garela”.

source

About The Author

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *