Natalia Arroyo: “Jokalariak historia egiteko gogo biziz daude”

Beraien aldetik, Natalia Arroyok argi utzi zuen asteleheneko agerraldian: Realak ahalegin guztiak egingo ditu, eta posible ikusten dute. “Jokalariak oso gogotsu daude, 2019ko finala errepikatzeko ilusioz gainezka. Orduko hura jokatu ez zutenek historia egiteko deseatzen daude. Motibatuta ikusten ditut, eta posible delakoan. Partida gogorren bezperetako tentsio-punttu horrekin ikusten ditut”, aitortu zuen Zubietan Realeko entrenatzaileak.

Talde txuri-urdinean ondotxo dakite denek, historia egiteko aukera ezin hobearen aurrean daudela. “Hemen nagoenetik jokatuko dugun partidarik garrantzitsuenetakoa izango da, eta, jakina, denboraldiko partidarik handiena. Iraganean hainbat esperientzia metatu genituen, eta bidean ikasitakoa lagungarri izan zaigu. Finalera iritsi behar dugula besterik ez dit esaten jendeak. Partida erabakigarria dela diote zale guztiek”, aitortu zuen prestatzaile kataluniarrak, Realak asteazkenean Alcala de Henaresen (Madril) Atleticoren aurka lortutako banako berdinketaren ostean kanporaketa erabat irekita dagoen honetan.

Bere jokalarietako askok bezalaxe, Arroyok ere ez zuen bizi izan Granadako Los Carmenes estadioan 2019ko Kopa irabazi zuen Realeko emakumezkoen taldearen lehen tituluaren gertaera historikoa, baina hurbil-hurbiletik ezagutzen du han gertatutako guztia: “Granadarako bidaia zoragarria izan zela kontatu didate. Eta ahopean kontatzen duten pasadizo txikia, finalaren ondoren ospakizunik ez izatea. Kopako final bikaina eta gogoangarria izan zen. Ea iristeko gauza izaten gare, eta ezustekoa ematen diegun, finalerako txartela eskuratuz gero ez baikara faborito izango”. 

Anoeta faktorea

Deia luzatu nahi izan die Natalia Arroyok zaleei, Anoetara joan eta jokalariak garaipenera bultzatuko dituen giro bero-beroa sortzeko. “Igandean Zubietan baino zale gehiago beharko ditugu, askoz gehiago. Reale Arenan beti izan ditugu sentsazio onak. Jokalaria motibatu egiten da, duen guztia eman behar duela sentitzen duelako. Jendearen berotasun horrek lagundu egingo digu. Ingurura begiratu, eta gauzak zailtzen direnean beraiek lagunduko digute korrika egiten”, adierazi zuen entrenatzaileak.

Joaneko partida

Joaneko partidako berdinketak “dena irekita” utzi zuela ere aipatu zuen. “Amaierako gol hura jaso ez bagenu ere (Atleticok 90.ean berdindu zuen) ez genukeen ezer erabakita izango. Oso talde sendoa dira, eta partida onik jokatzen ez badugu ez zaigu balekoa izango. Kanporaketa irekita dago eta aukerak baditugu. Ondo lehiatu gainen Madrilen, eta etxean hobeto egin beharko dugu”.

Bere iritziz, Kopako egungo txapeldun eta Realak baino zortzi puntu gehiagorekin F Ligako bosgarren sailkatua den Atletico Madrilek, gehiago du galtzeko. “Joaneko partidan ere, haiek galtzeko gehiago zutela sentitu nuen. Denboraldiak erakusten duenez gu baino hobeto dabiltza, horretan ez dago zalantzarik. Markagailua hain irekia izanik, kanporaketa orekatuta badago ere, haiek dute finalera sailkatzeko premia handiagoa. Guk ere badugu presioa, noski, pasatu nahi dugulako, baina aukera bat bailitzan hartzen dugu. Final handi batera iristeko ilusiotik ikusten dugu”, adierazi zuen.

Hori bai, aurreko asteko partidatik zer ikasi ere badute. Ezin ahaztu, Atleticok lau baloi bidali zituela langara eta penalti bat ere alferrik galdu zuela Elene Lete atezainaren geldiketa bikainari esker. Inolaz ere, Realarentzat gauza positiboak ere dezente izan omen ziren: “Defentsan sendo aritu ginen, eta horri eutsi beharko diogu. Iritsi eta erremateak egiten dizkigute, baina urrutitik gehienak. Jaurtiketak hortik egitea lortu behar dugu, eta garrantzitsua izango da erdiraketarik egiten ez uztea. Baloia eurek dutenean erakutsitako sendotasun eta eskuzabaltasun hori errepikatu behar dugu. Denbora tarte luzeak pasa genituen defendatzen, eta oraingoan ere antzerakoa izango da. Eta horretaz guztiaz gain, sortzen ditugun aukerak zehazteko gauza izan behar dugu. Han ez genuen Lola atezaina kanporaketa gainditzeko behar adina mehatxatu.


source

Noticias destacadas