Amaiur Sarriegik ehungarren partida jokatu zuen joan den igandean Teneriferen aurka. Realeko jokalaria pozik agertu da zifra hori lortu izanarekin: “Esatea erraza da, lortzea ez ordea. Ibilbideari eta nire adinari begiratuta, oraindik 22 urte besterik ez baititut, Realarekin ehun partida jokatu ditudala eta Realaren elastikoa Lehen Mailan ehun aldiz jantzi dudala esan ahal izatea pozgarria da, eta oso harro nago”. Inolaz ere, hasiera ez zen batere erraza izan berarentzat: “Lehen urtean pixka bat kostatu zitzaidala dinamikan sartzea, kategoria apalago batetik nentorrelako. Taldean sekulako maila zegoen, eta kosta egin zitzaidan egokitzea. Gero, erritmoan sartu eta sentsazioak hartu ahala, aukerak pixkanaka etorri ziren, partidak eta golak”.
Bere ilusioa “Lehen Mailako jokalari profesionala sentitzea zen. Ni beste maila batetik nentorren, eta telebistan ikusten nituen garai hartan, orain hiru urte, Lehen Mailan jokatzen zutenak, eta zera pentsatzen nuen nik ere hor egon nahi dut, Lehen Mailako jokalari profesionala izan eta futbolari naizela sentitu”.
“Lehen Mailako jokalari profesionala izatea eta sentitzea zen nire ilusioa”
Amaiur Sarriegi – Realeko aurrelaria
Ez du bere ibilbidetik une bakar bat azpimarratu nahi: “Errazena, Txapeldunen Ligarako sailkapena esatea li-tzateke, historikoa izan baitzen; ligako bigarren postua, hura ere historikoa izan zelako, Anoetan jokatutako partidak, irabazi ditugun derbi guztiak… Gauza asko aipatu nitzake, baina, egia esan, egunerokotasunarekin geratuko nintzateke, horri esker egoten bainaiz ni ongi, zoriontsu, eta horregatik etortzen naizelako sasoi bete betean hona egunero”.
Bere lehen gola, jakina, ondo gogoan du donostiarrak: “Oso ondo gogora-tzen naiz, sartzeak lanak eman zizkidalako. Deporren aurka izan zen hemen, Zubietan, bigarren itzuliko lehen partidan. Baloia pasa zidaten, eskuinarekin kontrola egin eta oinbularrarekin zurrun samar jo banion ere, sartu egin zen. Golak badu anekdotarik gainera, Iris-i beti esaten baitiot argazkian bera ere agertzen dela, Deporren elastikoarekin”.
Eta Realaren zaletuei zer esan? “Ba, bihotzez eskerrik asko. Oso sakrifikatua baita euria eta hotza egiten duenean hona etortzea, baita bero handia egiten duenean ere… Hau aparte dago, eta miresteko modukoa dela iruditzen zait: guk izugarri eskertzen diegu beti ematen diguten babesa eta eskaintzen diguten berotasuna”.