Lehen taldeak bezalaxe, Realeko gazteek Salzburgori egingo diote bisita gaur, 14:00etan (18:45ean jokatuko du lehen taldeak) Austrian. Aurreko irailaren 20an Zubietan Milango Interrekin hiruna golera berdindu ondoren, txapelketako lehen garaipena lortzea izango dute helburu.
Garaipena lortuz gero Youth Leagueko multzoen faseko D taldeko sailkapeneko lehen postuan jar daitezke gipuzkoarrak, lehen jardunaldian lau lehiakideek puntu bana eskuratu baitzuten. Realaren eta Interren arteko berdinketaz gain, Benficak eta Salzburgok ere puntuak banatu zituztenez (1-1), txapelketa ezin parekatuago hasi da multzo honetan.
Gogoan izan beharrekoa da Realaren taldea Sanse, Real C eta gazteen lehen taldeko jokalariek osatzen dutela.
Multzoko beste partidan, Interreko gazteek Benficakoak hartuko dituzte.