Beñat Turrientes, prentsaurrekoan: "Aurrerapausoa eman dut, baina hobetzen jarraitu behar dut"

Beñat Turrientes Realeko erdilariak prentsaurrekoa eskaini zuen asteazken honetan, Zubietako instalazioetan. Beasaindarra pozik agertu zen, bere ustez, «maila honetan lehiatzeko prest» dagoela erakutsi duelako. «Zorionez oso taldekide onak ditut eta ibilbide horri tinko eutsi behar diot minutuak izatekotan”, aipatu zuen.

Turrientes bere azken hamaikakoetan sartzen ari da Imanol Alguacil, eta horrek «konfiantza» bermatzen dio futbolariari. «Entrenatzaileak partida batean jarri eta hurrengoan ere jarri egiten zaituela ikustea oso positiboa da. Partida bakoitza aukera berri bat da maila eman dezakedala erakusten jarraitzeko, eta denboraldia horretara bideratu behar dut, oraintxe Bartzelonaren aurkako astelehenekoan pentsatuz »

Erdilari txuri-urdinak apenas jokatu zuen aurreko denboraldiaren azken txanpan, eta sakon aztertu omen zuen «familiarekin eta nire ordezkariarekin» bere egoera. «Aurrerapauso bat eman behar nuela esan nion neure buruari, eta egin dudala iruditzen zait. Ausartago nabil baloiarekin, eta defentsako norgehiagokatan ere hobera egin dudala esango nuke, baina ildo horretan jarraitu behar dut, ezin dut horrekin gelditu, gauza asko ditudalako hobetzeko”. Beasaindarrak une zaila bizi izan zuen orain urtebete. «Minuturik ez duzunean, buruari bueltak ematen dizkiozu behin eta berriz. Azkenean atera nuen ondorioa garbia izan zen: eskainitako minutuak ez nituela behar bezala aprobetxatu, eta horrelakorik ez zela berriro errepikatu «.

Bitxia bada ere, kanpaina honetan oso antzeko egoera bizitzen ari da Urko González de Zárate. «Berarekin sarritan hitz egiten dut eta lasai egoteko esaten diot, gogoan izateko aurreko denboraldian ni neu nola nengoen. Maila handiko jokalaria da eta Realean jokatzeko gai izango da. Lehen urtea du taldean, eta minutu gehiago jokatzeko aukera izaten duenean erakutsiko du zer egiteko gauza den «.

Zelai erdiko hiru posturen artean gustukoena zein duen galdetuta, Turrientes argi mintzatu zen. «Nik % 100 eman behar dut Imanolek jartzen nauen tokian. Aurten erakutsi dut hiru postu horietako edozeinetan joka dezakedala. Baina beti aitortu izan dut, Mikel Merinoren tokian sentitzen naizela erosoen, batez ere nire ibilbidean zehar gehien hortxe jokatu izan dudalako”.

Europan jokatzeko borroka bizi bizian ekingo die taldeak Ligako azken lau jardunaldiei. . «Seigarren gaude eta Europa Leagueko postuan. Helburua horri eustea da, denboraldi honetan Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izan dugun bezalaxe, gure helburua beti, ahalik eta lehiaketa onenean jokatzea delako. Halaber, badakigu, Conference jokatzeak ere Europan sartzea esan nahiko duela, eta pozik egongo ginateke bosgarrenez jarraian Europan jokatzeko txartela lortuta historia eginez”.

Kontinente mailan lehiatzeko pasaportea lortzeko bide horretan, lehen geltokian Bartzelonari egingo diote bisita datorren astelehenean. «Guk ez diogu erreparatu behar bolada eskasean ote dabiltzan. Usteak uste, Bartzelona da eta munduko futbolaririk onenetakoak dituzte. Gure helburua garbi asko daukagu: Montjuicera joan eta gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara, hiru puntuak lortuta etxera itzultzeko”.

source

Noticias destacadas